miércoles, 7 de abril de 2010

Sare sozialen eraginkortasuna


Sare sozial bateko kide naiz orain dela 2 urtetik. Neure kasuan, ez da Facebook-a ordea, gehiengoaren antzera. Ni “Tuenti” sare sozialeko kide naiz.
Hasiera batean, sare hau neure lagun eta ezagunekin kontakuan egoteko eta hauen berri jakiteko zela uste nuen, baina berehala ohartu nintzen hortik askoz ere urrunago doala sare sozial bat. Guztiek baliabide eta formatu desberdinak eskaini arren, oinarrizko ezaugarri batzuk dituzte. Eta noski, ezaugarri horietako bat, marketingak hauengan egiten duen erabilpen geroz eta handiagoa litzateke.
Izugarria izan da sare sozialen hazkundea azkenengo urteetan, eta nola ez, hauen erabilpena. Komunikazioa garatu egin da, eta orain sareak eskaintzen dituen baliabideak ikaragarriak dira. Erabiltzaileok edota “nabigatzaileok” jada geure iritzia eskaini dezakegu, eta kasu gehienetan erantzuna jasotzen dugu. Hau da, harreman estuago bat ezarri da kontsumitzaile eta saltzaileen artean. Noski, hau guztia marketingarentzako aukera berri bat bezala suertatu da. Nolabait, betiko euskarrietatik irten, eta kontsumitzailearekiko harreman horretaz baliatzea erabaki dute.

Beraz, niri behintzat, ezinezkoa zait esatea ez dudala igarri marketingak sare sozialetan(edo behintzat ni kide naizenean) izan duen agerpena edo eskuartzea. Nire kasuan, hau da, Tuentian, batik bat ikusi edo iritsi zaizkidan adibide garbienak marketing biralarenak izan dira. Tuentian, “eventos” izeneko aukera edo baliabidea dago.Honen bitartez, sareko kide den edozeinek orritxo bat sortu dezake eta bertan norberak nahi duenari buruzko informazioa idatzi dezake. Ondoren, orri hau gertuko lagunei bidaltzen zaio(“gonbidapen” bat bezala), eta lagun hauek beste lagun batzuei, etab… Horrela, orritxoaren sortzaileak mugarik gabeko jende kopuru batera iritsi dezake.

Gainera, zehatzago izateko, enpresa eta iragarle garrantzitsu edota ezagunenak “eventos patrocinados” bezala desberdintzen dira. Hau da, esate baterako: Vodafone, bere oferta berri bat aurkeztuz, edota Shandy Cruzcampo gargardoa, lehiaketa bereziren batera parte hartzera gonbidatuz… Bestetik, iragarle arruntak edota behintzat ezagunak ez direnak hamaika gauza azaltzen dituzte euren “eventoan”: motor bat salgai dagoela, ekitaldi zehatz batzuen eguna gogorarazi(esaterako, ikastolen aldeko Jaiak), etab…

Beraz, adibideak ugariak dira, baina hala ere, esan beharra daukat, iritzi pertsonal bezala, egunero hainbat horrelako “evento” iristen zaizkidala baina nik ez dietela jaramonik egiten!Noski, abantaila bat da iragarleentzat, marketing aldetik, jende askorenagana eta zehazki interesatzen zaionarengana oso era errazean eta merkean iritsi dezaketelako, baina bestalde, nazkatu egiten dutela ere esan daiteke, denborarekin, ugaritzen ari baitira, eta azkenean “bete” egiten zaituzte.

Azken finean, sare sozialetan, jendearengana iritsi, iristen dira. Baina eragina izan, zailagoa den zerbait deritzot. Agian, hemendik urte batzuetara, muga hori gainditu ahalko dute, baina gaur egun behintzat, gauzak horrela daude.