domingo, 30 de mayo de 2010

IRAGARKIEN ELEMENTUAK AZTERTUZ

Argi dago denborak aurrera egin ahala, publizitatean erabilitako formatuak aldatuz edota garatuz doazela. Izan ere, mezua helarazteko hamaika era daude, eta gaur egungo publizitate saturazioak, honen eragina baldintzatu edo murrizten du. Beraz, honi aurre egiteko, iragarleak geroz eta mota gehiagoko formulak erabiltzen ditu, bere produktua saltzeko.

Hala ere, telebistako iragarkiei dagokionez, adibidez, esan beharra dago, azkenaldian nolabaiteko joera nagusi bat dagoela. Edo behintzat hori egiaztatu du gaurko klasean egin dugun ariketak. 10 spot desberdin aztertu ditugu, hauen ezaugarri nagusiak zehaztuz, eta honen bitartez, gaur egungo iragaeleek hartzen dituzten antzeko erabakiak aurkitu ditugu.

Esaterako, mezua eskaintzerako orduan, betiko "emozio vs. arrazoia" gatazkan, lehenengoarekiko joera bat somatu dezakegu. Gaurko ariketan, adibidez, 10 iragarkietatik 7 iragarki emozionalak ziren. Hau da, produktuaren ezaugarri zehatzak azaldu beharrean, hartzailearengana emozioen bidez iritsi nahi da.
Honen arrazoia, neure ustez, arreta lortzeko formula berriak bilatzean legoke.
Izan ere, beste zenbait irakasgaitan ikusi izan dudan bezala, denboran zehar, iragarki arrazionaletatik emozionaletarako aldaketa bat egon da. Hau da, publizitate saturazioa dela eta, iragarleek euren produktuaren azalpen soil bat eskaintzearekin nahikoa ez dela ohartu ziren, eta ondorioz, emozio aldetik mugitzen hasi zirenean, hartzailea erakartuago zentitzen zela egiaztatu zen.

Bestetik, iragarkietan umorea erabiltzeko nolabaiteko joera bat ere ikusi dugu, besteak beste, gaur aztertutako 10 iragarkietatik, 6k erakutsi baitute umore puntu bat. Edo behintzat, irrifar bat sortzeko asmo hori.
Honek ere, aurretik aipatutako arreta erakartzeko asmo horrekin zerikusia izan dezake. Izan ere, umorearen erabilpen hori positiboa izan daiteke iragarlearentzat, honek, iragarritakoarekiko jarrera ona sustatu baitezake.


Alderantziz, iragarki didaktikoak nagusitasun gutxi dutela ikusi dugu. Hau da, 10tik bakarra izan da nolabait bere produktuaren ezaugarri edo erabilpenei buruz zerbait erakutsi nahi izan diguna. Baina, hala ere, kasu honetan, ez du oso modu zuzen eta garbian erakutsi. Beraz, ikusi dezakegunez, joera handiago dago hartzailearen arreta entretenimenduaren bitartez lortzera.
Hau da, ikusitako iragarkietan, argi nagusitu da, gaur egun arreta erakartzeko joera handiagoa dagoela, produktuari buruzko informazio zehatz bat ematearen baino.

Eta arreta erakartzeko asmo horretan lagungarri ikusten dute iragarle askok ospetsuen erabilpena euren mezua ematerako orduan. Jendearen interesa pizteaz gain, datuek diotenez, askotan, sinesgarritasun handiagoa ere ematen baitiote. Gure ariketaren kasuan, 10etik, 4rek aurkeztu dute euren produktua ospetsu baten bitartez. Beraz, ia erdiak. Nahiko datu adierazgarria da hau.



Musikaren erabilpena izan da iragarki guzti guztietan erabilitakoa. Ikusten denez, musika nagusi da gaur egungo publizitatean. Hala ere, batzuek, musika hau oraindik eta erakargarriago bilakatzeko asmoz, spotarentzako zehazki “jingle”ak sortu dituzte. Hau da, marka, hartzailearen memorian errazago geratzeko moduko kantutxoak asmatzen dira. Gehienetan, oso melodia itsasgarriekin. Horrela, kantua buruan dutela, aldi berean, marka ere badute. Gaurkoan, 10 iragarkitik 1etan entzun dugu mota honetako kantua.
Burura datorkit adibide bezala jartzeko, gaur egun oso ezaguna egin den "Soy", Mutua Madrileñak sorturiko jingle-a.


Eta azkenik, entzuten diren ahotsak dira aztertutako azken ezaugarria. Nagusitasuna, “over ahotsa” eta gizonezkoarena dira. Hau da, nork esaten duen ikusi ez, baina entzuten dugun gizonezko baten ahotsa. 10etik, 6k betetzen dituzte ezaugarri hauek gaurko ariketan. Beste bietan, emakumezkoaren over ahotsa, eta azkeneko bietan, inongo ahotsik ez.
Esan beharra dago, adituaren ahots bezala, beraz, gizonezkoarena emakumezkoarena baino askoz ere ohikoagoa dela.

Laburbilduz, beraz, esan dezakegu, gaur egungo iragarleek, arreta erakartzeko teknika eta baliabide berriak bilatzen diharduten arren, guztiek ere, bide berdintsutik jo ohi dutela.

No hay comentarios: